Espezialitateak
Digestio-aparatua
Digestio-aparatua eta berorren gaixotasunak ikertzen dituen medikuntza-adarra da gastroenterologia. Digestio-organoak (hestegorria, urdaila, heste meharra, heste lodia, ondestea eta uzkia) eta digestio-guruinak (gibela, behazuna eta pankrea) aztertzen ditu. Hepatologia (gibela) eta proktologia (ondestea eta uzkia) dira haren espezialitate nagusiak.
Noiz eskatu behar da hitzordua gastroenterologoarekin?
Ezohiko sintoma digestiboak badituzu, gastroenterologoagana bidal zaitzake familia-medikuak. Odola duten gorakoak edo eginkari beltzak daudenean, medikuarenera joan behar da lehenbailehen, odoljario digestiboa izan daitekeelako. Era berean, heste-buxadura, heste-zulaketa edo behazun-harriak tarteko etengabeko min zorrotzak izanez gero, medikuarengana joan behar da lehenbailehen.
Nola egiten da lehen bisita?
Kontsultak 30 bat minutu irauten du, eta pazienteak eta medikuak elkarri informazioa emateko erabiltzen da denbora horren zati handi bat. Zer botika hartzen duzu? Nolako mina duzu eta noiztik? Nork bere gaitzei buruz hitz lauekin mintzatzeko beldurrik ez izatea da garrantzitsuena (orban arraroak arropan, haize etengabeak, inkontinentzia…).
Ondoren, gibela ukitu eta sabelaldea —hantura edo hernia badago— eta bihotza auskultatuko ditu espezialistak. Azterketa osoa eginez gero, berriz, ondeste-ukipena, abdomeneko ekografia eta, batzuetan, endoskopia ere egin beharko dira.